Astigarraga Kit Line-n aurrerapauso garrantzitsua eman dugu etorkizun jasangarriago baterantz, Tecnalia Certificación-en karbono-aztarnaren ziurtagiria lortu baitugu. “Ingurumenaren jasangarritasunarekin eta erantzukizun korporatiboarekin dugun konpromisoari dagokionez, bereizgarri hau lorpen handia da gure enpresarentzat; izan ere, aukera ematen digu gure jarduerak ingurumenean duen eragina ezagutzeko; lehenik eta behin gure balioa jakin eta, ondoren, nola mantendu, hobetu edo murriztu dezakegun planteatzeko”, azaldu du Miren Albarránek, Astigarraga Kit Line-ko industria-arduradunak.

Miren Albarrán, Astigarraga Kit Line-ko industria-arduradunak

Zer da karbono-aztarna?

Edozein erakunderen karbono-aztarna horrek garatzen duen jardueraren bidez zuzenean edo zeharka isurtzen diren berotegi-efektuko gas guztiak dira.

Eusko Jaurlaritzako industria-erakundea den Hazi, elikagaien eta basoen balio-katearen lehiakortasuna eta jasangarritasuna bultzatzeko proiektu estrategikoak koordinatu eta katalizatzea helburu duena, arduratu da karbono-aztarna kalkulatzeko behar den informazio guztia biltzeaz. “Hazi enpresaren prozesu guztietan sortzen diren emisio guztiei buruzko informazioaz eta dokumentazioaz hornitu behar izan da; gure kasuan, zuraren lehen eta bigarren eraldaketarena egin da”, adierazi du Miren Albarránek.

Hazi-ko teknikariek karbono-aztarnaren kalkulua egin eta berotegi-efektua eragiten duten gasei buruzko txostena sortu dute, eta Tecnalia Certificación-ek igorri du dagokion ziurtagiria. “Kanpo-ikuskaritza bat egin da Tecnaliarekin, emandako eta kalkulatutako guztia arauaren eskakizunei jarraiki egin dela eta guztia zehatza, osoa, sendoa, gardena eta akatsik edo omisiorik gabea dela egiaztatzeko”, erantsi du Astigarraga Kit Line-ko industria-arduradunak.

Datuak biltzeko fitxa lau ataletan banatu da:

  • 1. Enpresaren datu orokorrak: adierazle bakoitzari dagozkion BEGen emisioen datua emateko balio dute.
  • 2. 1. irismena. Ezinbestekoa da BEGen emisio eta erauzketa zuzen GUZTIAK kontabilizatzea, erakundearen barruan dauden edo erakundeak kontrolatzen dituen mugen barruan.
  • 3. 2. irismena. Energiagatiko BEGen zeharkako emisio GUZTIAK kontabilizatu behar dira.
  • 4. 3. irismena. Aukerakoa da beste BEGen zeharkako emisio batzuk sartzea, eta horretan oinarritzen da, batez ere, muga operatiboen definizioa (enpresak zehazten ditu).

Jasangarritasuna betebehar bat da

Astigarraga Kit Line-k emisio garrantzitsu guztiak zenbatu eta jakinarazi behar izan ditu. “Karbono-aztarnaren ziurtagiria lortzea, aldi berean, zaila eta interesgarria da, enpresako prozesu guztiak ezin hobeto ulertu eta era guztietako informazioa bildu behar baituzu. Adibidez, erosten diren materialen kopuruak, zein hornitzaileri, zein distantziatara dauden horiek, zer faktura igortzen dituzten, erosten duzun guztiaren, saltzen duzun guztiaren eta kontsumitzen duzun guztiaren informazioa, langileek lanera etortzeko edo bezeroak bisitatzeko egiten dituzten distantziak, zein garraiobidetan…”, jarraitzen du Miren Albarránek, eta, lehen aldia denez, “desafioa” izan dela dio.

Astigarraga Kit Line-n uste da jasangarritasuna ez dela helburu bat soilik, betebehar bat baizik. Hasieratik, lehentasuna izan da estetikoki erakargarriak eta funtzionalak ez ezik, ingurunea errespetatzen duten produktuak garatzea. Horregatik, PEFC ziurtagiria eta Europar Batasuneko etiketa ekologikoa, Ecolabel, dituzte.

Sinesgarritasun handiagoa

Miren Albarránek dio ziurtagiri hori lortzea “gure hornikuntza-kate osoan lankidetzan eta etengabe egindako ahaleginaren ondorio dela. Sail guztietako langileek hartu dute parte: erosketak, salmentak, administrazioa…”. “Karbono-aztarnaren ziurtagiri honek sinesgarritasun handiagoa ematen die gure produktuei, erakunde ofizial batek baliozkotzen baititu. Gure ingurumen-inpaktua arintzeko neurri proaktiboak hartzen jarraituko dugu”, erantsi du Astigarraga Kit Line-ko industria-arduradunak.

Ziurtagiri honek gure ahaleginak baliozkotzen ditu, eta jasangarritasunaren bidean aurrera egitera bultzatzen gaitu, gure ingurumen-inpaktua gutxitzeko praktika eta teknologia berritzaileak ezarriz. Harro gaude bereizgarri hau gure banatzaile eta bezero guztiekin partekatzeaz; eta guztiontzako etorkizun jasangarriago baterantz elkarrekin aurrera egiten jarraitzea espero dugu.