Orgen soinuaren, paleten mugimenduaren eta kamioien joan-etorriaren artean, nabaritu egiten dira Astigarraga Kit Line enpresako zurezko asto bakoitza bere helmugara iristea posible egiten duen taldearen lana eta ardura. Lau izen azpimarratu behar dira istorio honetan: Manolo Pozo, Félix Murillo, Jon Izagirre ‘Attola’ eta Olatz Alkorta.
Logistikako sailean lankideak baino askoz gehiago dira. Izan ere, eskarmentua, neurritasuna, gaztetasuna eta konpromisoa nola elkartzen diren erakusten dute. Astigarraga Kit Line enpresako banatzaileek egiten dituzten eskabideak prestatzen dituen laukotea osatzen dute, astoez betetako paletak kamioietan kargatuz eta Europako leku guztietara iritsiko direla ziurtatuz.
Manolo, Félix, Attola eta Olatzen ibilbideek mosaiko bat osatzen dute, eta horri esker argi ikus daiteke zer den astoak ekoizten lau hamarkada daramatzan enpresa baten parte izatea, zur trinkozko altzariak diseinatu eta ekoizten dituena eta artisau-jatorritik ekoizpen optimizatu eta modernoagorako bilakaera izan duena.
Uniformea zintzilikatu berri eta erretiroa hartu du Manolok, Astigarraga Kit Line enpresan 39 urtez aritu ondoren. Félixek bost urte eta erdi daramatza, horietako hiru logistikan, Manoloren ondoan ikasten. Attola, 26 urterekin, gazteena da, eta joango denaren lekukoa hartuko du. Eta Olatzek 22 urteko eskarmentua du enpresan. Logistikako hiru lankideek “gure salbagailua” dela diote.
Manolo Pozo: 39 urteko eskarmentuaren ondarea
Bere aurpegiak ez ditu denboraren zantzuak erakusten. Gazte itxurakoa, beti umore onez eta jendetasunarekin eta hitz egiteko gaitasun bereziarekin, ia lau hamarkada eman ditu Manolok asto artean. Aldaketa teknologikoen, ekoizpen prozesuetako doikuntzen eta, batez ere, bizipen askoren lekuko izan da.
Izan ere, Manolok gogoratzen du astoak artisau-eran egiten ziren garaia, 1985 inguruan: “Ez zegoen makineriarik. Eskuz muntatzen genituen, kolatzetik hasita eta konpasa jartzeko erabiltzen zen azken tirafondoa jarri arte”. Orain, dena automatizatuta dagoen garaian, astoak eskuz josten zituen urteak gogora ekartzen ditu, 16 urtez egin zuen lana. Izan ere, duela 23 urte erronka berri bat hartu zuen bere gain: logistikako sailaren buru izatea, orduan ere existitzen ez zen saila, hain zuzen ere. Eta zer egiten da hemen?
Makinek zehaztasuna eta azkartasuna ekarri dituzte, eta teknologiak asko erraztu du lana. “Spyro ERP softwareari esker, dena dokumentatuta eta antolatuta dago. Kudeatzeko software honen bidez, banatzaileen eskabideak jaso, aztertu eta prestatu egiten ditugu”, laburbildu du Manolok logistikako eguneroko lanari buruz.
“Alde batetik, zuzeneko kamioiak daude. Stocketik hartu eta zuzenean kargatu egiten da. Eta, bestetik, cross-docking delakoa. Eskabide horiek guk prestatu behar ditugu. Ondoren, dokumentazioa eta albaranak egiten ditugu. Errepidetik doazen salgaien kontrola, atzerrira joaten bada, edo garraioaren albarana, bidalketa nazionala bada, bete behar da. Azkena da orga jasotzailea erabiltzea paletak kargatzeko eta kamioietara igotzeko”, azaldu du.
Baina ez da beti horrela izan. Lehen, teknologiak ez zuen dena egiten eta lan bakoitza eskuz egin behar zen. “Ni hasi nintzenean, makina batean zeunden, kamioi bat iristen zitzaizun eta kargatu egiten zenuen. Egunean 3.000 asto inguru ateratzen ziren, gutxi gorabehera kamioi bat bi egunean behin. Gaur egun, egunean bi kamioi ateratzen dira, hau da, 15.000 asto inguru”, dio Manolok.
Félixek ez du Manolorekin txandarik izan, baina batzuetan topo egin dute. Félixentzat deigarriena da garai batean kamioiak nola kargatzen ziren. “Lehen paketez pakete egiten genuen, dena eskuz eta lau pertsonaren artean. Ia kamioia aldatu beharra zegoen. Hura bai abentura! Orduak behar izaten genituen kamioi bat betetzeko, eta orain, paletei esker, askoz azkarragoa da dena”, gogoratu du Manolok irribarre nostalgiko batekin. “Orain, ordubete baino gutxiagoan kamioia prest daukagu”, moztu dio Félixek.
Manolok azpimarratu du enpresa hazi eta garatu dela urteetan zehar, baina balioek ukigabe dirautela. Astigarraga Kit Line enpresan eman duen denboratik gehien estimatzen duena ez da aurrerapen teknologikoa, paletak erabiltzen hastea edo logistikaren automatizazioa, giza harremanak baizik. “39 urte hauetaz gehien harrotzen nauena da hemen lan egin izana eta guztiekin hain ondo moldatu izana. Guztiok guztiokin hitz egiten dugu”, aitortu du harrotasunez. Horrez gain, gogoan izan du beti gure fundatzailea, Juan José Astigarraga, Zurdo. Izan ere, 80ko hamarkadaren hasieran elkarrekin lan egiten zuten zura kubikatzen: “Ez nik bakarrik, jende guztiak ongi hitz egingo dizu berari buruz. Haren falta asko sentitzen dugu. Oso adeitsua zen eta oso harreman humanoa zegoen”.
Félix Murillo: “Oso txukuna izan behar zara, eta are gehiago eskabide askoko garaietan”
Félix Murillok 34 urte ditu, eta logistikako taldearen euskarrietako bat da. Ekoizpeneko lantegian hasi zuen Astigarraga Kit Line enpresako ibilbidea, astoei konpasak jartzen eta horiek paketatzen, biltegira aldatu zen arte. Urtarrilean hiru urte beteko dira, eta argi dauka bere lanetik gehien gustatzen zaiona: “Ez daude bi egun berdin. Beti dago zerbait berria prestatzeko eta antolatzeko”, dio. “Alderik politena gozatzen dudan autonomia da, ez dut inor gainetik. Nahi dudan moduan antola dezaket neure burua”, gehitu du.
Félixek aitortu du “Manolok baino pixka bat gehiago larritzen naizela”. “Lanpostu honetan lan handiko garaiak daudela onartu behar da”, esan dio Manolok. Batez ere, udan. “Une zailagoak daude; adibidez, ekainetik irailera eskabide asko egiten dira, deskontuak dituzten eragiketak egiten dira, eskolara itzultzekoak besteak beste, eta eskabide-kopuruak gora egiten du, irailean dena prest egon behar da eta. Horrez gain, cross-docking eskabideak izaten dira, prestatu behar diren horietakoak. Palet batean 70 asto estandar, metro bateko 16 asto, 18 asto erregulagarri, gainen bat edo Triangle altzariren bat joan daitezke. Beraz, dena jarri egin behar da”, azaldu du Félixek.
Laneko unerik gogorrenak gainditzeko, Félixek argi dauka nolakoa izan behar duzun: “Beregaina eta oso txukuna, eta autonomia izan behar duzu”. Logistikaren arloan ikasi du presioa kudeatzen. “Astelehenetan, astearteko eskabideak prestatzen hasten naiz; egun horretan Italiako kamioiak eta gero Frantziakoak ateratzen dira . Eta, tartean, zuzeneko kamioiak kudeatzen ditut; horiek dira dagoeneko prestatuta daudenak, eta hartu eta kargatzea besterik ez da; paletean eta plastifikatuta ateratzen dira muntatze-garabitik”, azaldu du.
Logistika ez da bakarrik kamioiak kargatzea, dena aldez aurretik prestatzea da, atzerapenik egon ez dadin. Aurrea hartzea da gakoa: “Beti nago bihar edo etzi bidali behar denari adi, dena txukun egoteko eta kamioiek itxaron behar ez izateko”. Horregatik, Mikel Tximu ekoizpeneko arduradunarekin harremanetan egotea funtsezkoa da dena ondo joateko eta, zerbait falta bada, konpondu ahal izateko.
Garraiolariekiko harremana ere oinarrizkoa da egunerokoan. “Buruz dakizkigu bezeroen izenak eta helbideak, nahiz eta aurrez aurre ez ezagutu. Baina harremana garraiolariekin da, eta gehienetan oso ona da”, adierazi du Félixek. “Noizbehinka batzuk haserretu egiten dira, baina argi daukagu. Kargatzeko ordena iristeko ordenaren araberakoa da”, azaldu du.
Manolo kirolari petoa eta Raka Maratón lasterketa ezagunaren sortzailea da, eta surfa eta txirrindularitza egiten dituen eta mendizale den lur orotako Felixi goraipamenak egiten dizkio. “Oso pozik nago berarekin. Oso ona da bere lanean. Beti dago ados”, dio Manolok Félixi buruz. Mirespena elkarrekikoa da. “Asko sentituko dut bere falta. Asko irakatsi dit, ez bakarrik biltegiaren lanaz, baita bulegoko jendearekin eta garraiolariekin harremanak izaten ere. Asko daukat eskertzeko”, aitortu du Félixek, hunkituta.
Jon Izagirre, Attola: Hasiera berri baten itxaropena
26 urte besterik ez ditu, eta bi daramatza Astigarraga Kit Line enpresan. Attola gaztetasuna eta ikasteko gogoa irudikatzen ditu. Bere ibilbidea ekoizpeneko lantegian hasi zen, lehendabizi torlojutzeko makinan konpasak jartzen eta, ondoren, prentsan, non astoen hankak eta langetak mihiztatzen diren. Duela bi hilabete eskas, Manolo logistikan ordezkatzeko erronka hartu zuen bere gain, orga jasotzaileak eramateko ikastaroa gainditu eta gero.
“Biltegira pasako nintzela esan zidatenean, bertigoa sentitu nuen. Gutxien beldurtzen ninduena ordenagailua eta albaranak prestatzea zen. Baina Manolo eta Félix kamioiak kargatzen ikusten nituen, eta pentsatzen nuen: Nola egingo dut nik hori?”, aitortu du. Hala ere, apurka-apurka, praktikak eta lankideen babesak beharrezko konfiantza eman diote.
“Agian, asto-modelo bateko hamar palet kargatu behar dituzu, beste hamar beste modelo batekoak, beste hiru handixeagoak direnak. Bat muturrez jarri behar duzu, beste bat gurutzatuta… Zaila da paletak kamioian sartzea. Puzzle bat egin beharko bazenu bezala da, eta hori trebetasuneko kontua da”, azaldu du Attolak. “Hasieran, kamioilariek berria zarela ikusten dute, sartzen eta ateratzen dira, argibideak ematen dizkizute, eta horrek urduri jartzen zaitu”, gehitu du. “Lehen eskabideak nola egiten genituen ikusiko bazenu… Orain palet perfektuak egiten ditugu, argazkikoak”, dio Manolok. “Ereduzko paletak”, gehitu du Félixek.
Manolok, Attolari lekukoa pasatzean, gogoa eta tristuraren arteko nahasketa sentitu du, eta ohartarazi dio: “Lan honek jasankortasuna eta lasaitasuna eskatzen ditu. Batzuetan dena batera iristen zaizu: informazioa, eskabideak, kamioia, telefono-deiak… Lasai egon eta kamioilariekin harremana izaten jakin behar da. Batzuetan urduri jartzen dira, baina zu ezin zara zure onetik atera. Kudeatzen jakin eta eskua izan behar da”.
Attolak aintzat hartu du bere lanpostu berriaren ardura. “Dena berria da, baina aldaketa onerako izan da. Ekoizpeneko sailean dagoeneko sentitzen nuen enpresaren parte nintzela, baina logistikan nire lanak erantzukizun handiagoa dakarrela sentitzen dut, eta horrek asko motibatzen nau”, dio. Félix eta Olatzekin topo egin du nagusiki, baita Manolorekin ere, goizean goiz. Bi hilabeteko azterketa gogorra izan da: bakardadeari aurre egin behar izan dio Félix lankideak oporrak hartu dituelako. Buruan egoteko eta erronkei bakarrik aurre egiteko unea denean, orduan ikasten eta hazten zara gehien. Eta berak nota onarekin gainditu du.
Olatz Alkorta: Manolo, Félix eta Attolaren salbagailua
Olatzek, bere aldetik, bi hamarkada baino gehiagoko eskarmentua dauka enpresan. Altzariak bernizatzen hasi zen, astoak egiten ere aritu zen eta, duela hiru urtetik, logistikan funtsezko zeregina du. Hirukia da, bikien ama da eta lanaldi murriztua dauka. Gainera, “kasta handia” du (Manolok esan duenez), eta hori eskarmentu handikoek berehala ikusten duten ezaugarria da.
Olatzen ustez, ohikeriak ere baditu erronkak. “Zuzenean dendetara doazen Espainiako eskabide txikiak prestatzen ditut. Gero, Frantziakoak prestatzen laguntzen diet”, dio. Bere lankideak bat datoz: bere lana funtsezkoa da. “Gure salbagailua da”, diote biek batera. Beti dago laguntzeko prest.
Hasieran bere gaitasunez zalantza egiten bazuen ere, gaur egun inork eztabaidatzen ez duen abileziaz erabiltzen du orga jasotzailea eta prestatzen ditu eskabideak. Izan ere, bere ibilbidea moldaeraren eta balio-aniztasunaren eredu da. “Orga, barra-kodeen pistola, ordenagailua eta abar erabiltzen ikasteko esaten zidaten. Beti erantzuten nuen: ‘Hori bai ezetz’, ‘ezta pentsatu ere’. Baina hemen nago, hori guztia erabiltzen”, dio barrezka. “Azkenean, denetarik egiten du, eta ondo”, adierazi du Manolok. Olatzek ere, Félixek bezala, uste du “egun bat bera ere ez dela aurrekoa bezalakoa”. “Lana bera da, baina eskabideak ezberdinak dira, eta hori gustukoa dut”, azaldu du.
Adiskidetasunak lotutako taldea
Astigarraga Kit Line enpresaren logistikako lantegiak ez ditu bakarrik eskabideak prestatzen; produktu bakoitza bere helmugara baldintza ezin hobeetan iristea ziurtatzen du. “Lanpostu honek harrapatu egiten zaitu. Estresagarria da, baina oso atsegina”, dio Manolok. Ziur dago saila esku onetan uzten duela. Bakoitzak ekarpen paregabea egiten du: Manolok, eskarmentua eta jakituria; Félixek, antolaketa eta grina; Attolak, itxaropena eta gaztetasuna; eta Olatzek, moldakortasuna eta gorputz eta arima.
Gaur, Azpeitian (Gipuzkoa) egindako astoak Frantziara, Alemaniara, Italiara, Belgikara, Portugalera, Herbehereetara, Greziara, Txekiara, Eslovakiara, eta Estatu Batuetara ere, joaten dira. Bidalketa bakoitzaren atzetik, lan egiteaz gain, egiten duen horretan bihotza jartzen duen taldea dago. Manolo, Félix, Attola eta Olatzen istorioek erakusten dute enpresa batean benetako balioa pertsonetan dagoela. Eta astoek produktu xumea irudi dezaketen arren, atzetik dagoen lana konplexua, humanoa eta, batez ere, zirraragarria da.