Astigarraga Kit Line zorioneko dago. Izan ere, ‘LH Duala Euskaraz’ saria jaso dugu, Lanbide Heziketaren esparruan euskararen aldeko kontzientzia eta jarrera sendotu nahi dituen eta euskara eguneroko lanean erabili ahal izateko hainbat tresna eta baliabide lan-zentroen eskura jartzen dituen proiektua, hain zuzen ere. Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Ingurunea diputatuak, Jabier Larrañagak, eman zioten saria gure Giza Baliabideen arduradunari, Aitor Gil Azcueri, Bergarako Miguel Altuna Institutuan ospatutako ekitaldian.
Gil-ek aitortu du enpresaren funtsezko oinarri bat “tokiko egurraren alde egiteaz gain tokiko giza baliabideen alde ere egitea” dela. “Horregatik, Astigarraga Kit Line tokiko unibertsitateekin eta prestakuntza-zentroekin aritu da lanean beti, hemengo gazteei aukerak eskaini ahal izateko eta tokiko talentua sustatzeko”, azaldu du.
Halaber, gogorarazi du “euskara oinarri bat izan dela beti; izan ere, Juan José Astigarragak enpresa sortu zuen hasiera-hasieratik euskara erabili izan dugu konpainiaren esparru guztietan”. “Hitz batez, gure helburua nazioarteko merkatuetan lehiakorrak izatea eta gure sektorearen barruan erreferente izatea da, tokiko talentuaren aldeko apustua eginez. Sari honek bide horretatik jarraitzeko indar handia ematen digu”, bukatu du Aitor Gil-ek. Ekitaldian Astigarraga Kit Line enpresako Administrazio Kontseiluaren presidentea, Itziar Astigarraga, azaldu da ere bai.
Ekitaldi honetan beste bi lantokien lana, Goizper Group eta VIVEbiotech, aitortu egin da, Lanbide Heziketa Duala euskaraz egiten lagundu dutenak eta ikasleei praktikak egiteko aukera eskaini dietenak. Horrez gain, Gipuzkoan euskararen erabilera sustatzeari dagokionez erreferentzia diren zenbait ikasle eta Lanbide Heziketako ikastetxe saritu dira. Gipuzkoako Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzako eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako, eta LANEKI elkarteko ordezkariak bertaratu dira ekitaldira, Markel Olano buru.
Markel Olanok esan du ekitaldian esparru sozioekonomikoa “lehentasunezko esparrua” izan behar dela “euskara suspertzeko prozesuak aurrera egin dezan”. “Azken hamarkadetan, euskal gizarteak inbertsio handia egin du hezkuntza zein unibertsitatea euskaldundutzeko. Horri esker, gabeziak egon arren, lan-munduan sartzen diren ikasleek historiako ezaguerarik handiena daukate euskarari dagokionez”.
Azpimarratu duenez, enpresen barruan euskararen erabilera indartzeak “jarduera eta lehiakortasuna sustatzen ditu”, “talentua eta pertsonetan ardaztutako lan-giro positiboa eta elkartua” bultzatzea delako, baita “gizarteari eskaintzen zaizkion zerbitzuak eta produktuak hobetzea” dakarrelako ere. Horregatik guztiagatik, horren aldeko apustua egiten ari diren enpresen, zentroen, langileen eta ikasleen ekarpena goraipatu du.