Gipuzkoako bihotzean kokatuta dagoen Urrestilla herri txikitik mundura. Jaione Badiola, industriala ingeniaria Nafarroako Unibertsitatearen eskutik eta Proiektu Industrialen Zuzendaritzako masterra Mondragon Unibertsitatearen eskutik, Astigarraga Kit Line enpresako gerentzia eramaten hasi zen duela sei hilabete. Azpeitira itzuli baino lehen, ordea, Polonia, Brasil, Frantzia eta Txina ezagutzea eragin duen periplo profesionala egin du. Ezkonduta dago, eta bi seme ditu. Enpresaren astoak egiteko pabiloitik ibiltzeko segurtasun-kaskoa jartzen duen bezalaxe zapatilak eta galtza elastikoak janzten ditu Donostiako lilatonean korrika egiteko, edo seme-alabekin esertzen da etxeko lanak egiten laguntzeko.
Gaur, Emakumearen Nazioarteko Eguna, egun aproposa da Jaione Badiola aurkezteko. Emakume ahalduna da Badiola, familia maite duena eta bere esku geratu diren proiektu guztiak gustuko dituena. Orain, giza talenturik onena erakartzearen eta Astigarraga Kit Line enpresaren ekoizpen-prozesu guztietan automatizazioa, industrializazioa eta digitalizazioa sartzearen alde dago.
-Laburbildu zure jarduera profesionala, mesedez.
-Ingeniaritza ikasi eta karreraren amaierako proiektua Sokrates Beka bati esker Birmingham-en egin ondoren, Poloniako Fagor Electrodomésticos enpresara joateko aukera eskaini zidaten, fabrikazio-ingeniari gisa. New Yorken Dorre Bikiak erori eta hurrengo egunean iritsi nintzen Wroclaw-era. Zortzi urte eman nituen bertan: fabrikazio-ingeniari hasi eta, ondoren, I+G+b zuzendaritzara pasatu nintzen. Poloniar batekin ezkondu nintzen Urrestillan, seme bat eduki genuen eta, bigarrenarekin haurdun nengoenean, Poloniako egonaldia amaitzea erabaki genuen.
-Eta Poloniatik Frantziara…
-Fagor Electrodomésticos talde beraren barruan Orleans-era joan ginen. Bigarren semeak hiru hilabete zituenean kalitate-sistemen arduraduna izaten hasi nintzen Fagor Brandt enpresan eta, geroago, talde osoaren kalitate-sistemen zuzendaritzaren buru izateko aukera izan nuen. Frantzian lau urtez egon ginen. Denboraldi hori bukatu zenean, Cikautxo taldearen aukera sortu zen Brasilen.
-Beste kontinente batera joan zinen?
Tokiko kide brasildarrak eta automobilgintzarako produktuak fabrikatzen dituen Cikautxo-Paranoá enpresak osatutako joint venture batean sartu ginen. Hiru urte eman genituen Diadema-n, São Paulo-tik gertu, zuzendari nagusiak Txinara joateko aukera eskaini zidan arte, Cikautxo taldeko eskumendekoaren kudeatzaile gisa.
2019ko ekainean familia-erabakia hartu genuen, senarrak Alemanian oinarritutako Poloniako enpresa baterako hegazkin-pilotu izateko aukera aprobetxatzeko unea zen eta. Ordura arte, senarrak nirekin etortzea erabakitzen zuen, eta beti nire proiektu profesionalari eman genion lehentasuna, baina une horretan erabaki genuen berak Alemanian hamabost egun eta Txinan hamabost egun egotea egingarria zela. Eta horrela erabaki genuen aukerak pasatzen direnean hartu behar direlako eta ez norberak nahi duenean. Familiari dagokionez, ohituta geunden bien artean bakoitzaren joan-etorriak kudeatzera. Txinan bost urte eman genituen eta 2021eko uztailean Donostiara itzultzea erabaki genuen.
-Zerk eragin zizun jatorrira itzultzea? Covid gaixotasunak izan zuen zerikusirik?
-Gabonak Shangain eman genituen laurok; Urteberri-eguna, ordea, Vietnamen. Horrez gain, nire gurasoekin adostu genuen Urteberri txinatarrean, 2020ko otsailean, Tenerifen egongo ginela seiak. Txinan Covid gaixotasuna zegoela esaten zen orduan, baina bakarrik Wuhan-en zegoen baztertuta oraindik. Tenerifera iritsi eta urtarrilaren 28an krisialdia hasi zen Txinan. Enpresatik deitu zidaten agintariek instalazioa itxi zigutela eta lanera itzultzea ezinezkoa izango zela esateko. Txartelak genituen otsailaren lehenengo astean itzultzeko, baina konpainiak bertan behera utzi zituen. Senarrak Alemaniara joan behar zuen eta guk otsailaren 10ean hegaz egitea lortu genuen. Hala ere, etxean gelditu ginen, ez zidaten enpresara joaten uzten… Itzultzea erabaki nuen ziurgabetasuna hain handia zelako, non Donostian nire familiarekin egon nahi bainuen.
Hemen nengoela, Txinako agintariek bisa guztiak bertan behera utzi zizkiguten eta ez ziguten Txinan sartzen utzi. Azkenean, beharrezkoa zen dokumentazioa lortu eta semeak eta hirurok Shangaira egin genuen hegaz 2020ko uztailaren 31n. Gutxi gorabehera 32 ordu geroago etxera iritsi eta 15 eguneko koarentena egin genuen giltzapean. Egun horretatik 2021eko uztailera arte ez nuen senarra ikusi, ezta semeek aita. Hark ezin izan zuen Txinako lurraldean sartu bere bisa iraungi egin zitzaiolako, eta Donostia eta Alemania artean eman zuen denbora. Egoera ikusita, familia oso garrantzitsua zela erabaki genuen, eta Asiako abentura amaitutzat jo genuen. Sorterrira itzultzeko unea zen gure ustez. Ez genituen erroak hautsi nahi, ezta familiarekiko harremanak ere. Beraz, 2021eko uztailaren 3an Donostiara itzuli ginen.
Jatorrira itzultzea
-Hamaika hilabetez bananduta eta, ondoren, Donostiara bizitzera eta Azpeitiko enpresa batera lan egitera etortzea erabaki zenuen, jaio zinen tokitik 3 kilometrora. Hori da jatorrira itzultzea benetan. Nola iritsi zinen Astigarraga Kit Line enpresara?
Bai, horixe! Nork esango zukeen? Erabakia hartu ondoren, hemen zein aukera zeuden begiratzen hasi nintzen, gerentziako zereginak burutzeko ahal izanez gero. Txinatik begiratzen hasi nintzen, eta Astigarraga Kit Line enpresaren zuzendaritza nagusia bilatzen ari zen pertsonarekin egin nuen topo. Hitz egin genuen, anai-arreba guztiekin bilera bat egin nuen, ondo moldatu ginen eta aurrera atera zen.
-Eta 2021eko irailaren 9an hasi zinen lanean. Egurraren sektorea zuretzako guztiz berria zen…
-Nire ibilbide profesionala etxetresna elektrikoen sektorean hasi zen eta, gero, automobilgintzaren sektorera pasatu nintzen. Orain egurraren sektorean eta txikizkako salmentaren sektorean nago. Berez, egurraren sektorea berria da niretzat, baina industriarekin zerikusia duena ez.
“Erronka zoragarriak”
-Zein da zure azterketa Astigarraga Kit Line enpresan eman dituzun sei hilabeteei dagokienez?
-Itzela (esan du indarrez). Bihar sei hilabete beteko ditut. Lehenik eta behin, pertsonalki harro nago Urrestillan zuzendari kudeatzailea izateaz, herri txiki batetik atera, Donostiara unibertsitatera joan eta hona ez itzuli ondoren. Ikasiz eta saiatuz nahi dituzun erronkei aurre egin diezaiekezula poztasun handia da. Jarraitzeko, Astigarraga Kit Line taldearekin lan egitea erraza eta atsegina da. Erronka zoragarriak ditugu aurrean, ez dira errazak baina gauza bera gertatzen da sektore guztietan. Dagoeneko daukagun giza taldearekin horiek guztiak lortuz goaz, eta hartu ditugun xede guztiak erdietsiko ditugu.
-Zein erronka, adibidez?
-Astigarraga Kit Line enpresara iritsi nintzenean, aurretik hainbat aldaketa izan zituen. Altzariak eta antolamendurako produktuak egiten zituen enpresa zen. Brikolaje kanalean saltzen zituen, eta pixka bat online ere bai. Zenbait gorabehera direla eta, egurra zerratzeko prozesuaren jabe egin zen. Industriari dagokionez, prozesu ezezaguna zen eta, ezagutu gabe, zaila da gauzak ondo egitea. Irailean iritsi nintzenean, etsipena eta itoaldia nagusi ziren. Gaur martxoa da, eta jakin badakigu Astigarraga Kit Line enpresari gerta zekiokeen gauzarik onena prozesu industrial hori eskuratzeko aukera izatea dela. Horren ondorioz, gure prozesuaren kate osoaren jabe gara, goitik behera. Lehiakortasuneko abantaila hori neurtezina da. Gure hutsuneak bete ditugu nabarmen eta, etengabeko hobekuntzari esker, gehiago aurreratzeko bidean gaude.
Gainera, enpresa honetan lan egiteko esparruan ezaguera eta eskarmentu handia dauzkan taldea dugu. Argi daukagu sistematizazioan eta automatizazioan aurrera egin behar dugula, talde berarekin Astigarraga Kit Line enpresak orain arte lortu duena baino gehiago lortzeko gai izan gaitezen.
-Indar handiarekin sartu zara…
-Buruzagiak ez badu ez indarrik ez irrikarik, oso zaila da irrika taldeari ematea. Poz-pozik nago eskuetan daukadan proiektuarekin. Helburua hori da: gauzatu, hobetu, eta zehaztu ditugun erronkak erdietsi.
Ekonomia zuirkularra
-Hala da, Astigarraga Kit Line fabrikazioaren zirkulu osoa hartzen duen enpresa da. Erabakigarria da produktu jasangarriak bermatzeko?
-Astigarraga Kit Line ekonomia zirkularra izenekoaren barruan dago. 40 kilometroko itzulinguruan dauden Insignis pinuko enborrekin fabrikatzen dugu. Beraz, egurra Gipuzkoako eta Bizkaiko basoetatik dator. Horrek esan nahi du gure eskualdeko egurra erabiltzen eta kontsumitzen dugula. Egurra eskuratzen duten taldeak tokikoak dira, eta gure helburua eskualdeko hornitzaileekin elkarlanean aritzea da. Hasieratik, Juan José Astigarraga fundatzailea zegoenetik, lurra eta jasangarritasuna garrantzitsuak direla uste du enpresak. Badakigu horrekin koherenteak ez bagara, lehenago edo geroago arazoak sortuko direla. Enpresaren jasangarritasuna eta bideragarritasuna bermatzeko, argi daukagu bidea hori dela.
-Astigarraga Kit Line enpresak PEFC ziurtapenak eta Europar Batasuneko Ecolabel etiketa ekologikoa ditu. Jasangarritasunaren aldeko apustua ez da iragankorra eta gelditzeko etorri da. Badirudi boom ekologikoa nagusitu egin dela baina, ondo erabiltzen da ekologiko kontzeptua? Ala gehiegi ustiatzen da?
Guk jasangarritasunaren aldeko apustua egin badugu, ez dago besterik. Ez dut gustuko besteek egiten dutenari buruz hitz egitea, baizik eta guk esaten dugunarekin koherente garen edo ez begiratzea. Argi geratzen ari da legeak dioena errespetatzen ez duten enpresak laster merkatutik kanpo geratuko direla, nahiz eta orain horren barruan egon. Lehenago edo geroago, enpresa horiek desagertu egingo dira. Ingurunea zaintzen ez badugu eta gure baliabideak babesten ez baditugu, ondorioak ikusiko ditugu. Astigarraga Kit Line enpresak argi dauka ez duela oraingo enpresa izan nahi, etorkizuneko enpresa baizik, familiako enpresa izatearen aldetik ondorengotza iraunkorra dagoela bermatzeko.
-Zeozer esan duzu lehen automatizazioaren inguruan. Zein egoeratan dago Astigarraga Kit Line? Zer aurreikusten duzue hemendik bi urtera?
Gaur egun Astigarraga Kit Line enpresaren prozesu batzuk automatizatuta eta robotizatuta daude, eta gure prozesu industrialetan automatizazio gehiago txertatzeko bidean gaude. Izan ere, gure produktu kutunenaren fabrikazioa, astoaren fabrikazioa, automatizatuta eta robotizatuta dago % 100ean. Orain, apaintzeko eta antolatzeko produktuetarako, prozesu berean sartuta gaude buru-belarri. Jarraitu behar dugun ildoa da.
-Eta digitalizazioari dagokionez?
-Astigarraga Kit Line 3. eraldaketan dago: online saltzeko kanala eta dagokion bezeroaren arretarako zerbitzua dauzka. Digitalizazioak balio erantsia ematea eragingo duten proiektuekin ari gara orain. Hurrengo urratsak hauek dira: prozesuak menditik bertatik digitalizatzea, 1. eraldaketa (zerrategia) eta 2. eraldaketa (astoen eta altzarien akaberak). Horrela, produktu guztiaren trazabilitate osoa izango dugu.
“Pertsonik gabe ez dago proiekturik”
-Zergatik da garrantzitsua enpresan giza talentua kudeatzea?
Pertsonik gabe ez dago proiekturik. Astigarraga Kit Line enpresako kide guztien kudeaketa egokia eta gertua eta motibazioa funtsezkoak dira. Mendian dagoen pertsonak, biltegian dagoenak zein bezeroaren aurrean dagoenak osatzen du giza talentua. Antolaketaren ikuspuntutik, hierarkia-mailak ez du garrantzirik. Izan ere, talde bateko pertsona guztien beharrak izan behar ditugu kontuan; horietako batek huts egiten badu, azkenean ezin izango dugu bezeroak eskatzen digun zerbait eman. Atal bakoitzak engranatu behar du. Gu pertsonengandik hurbil ez bagaude, zailtasunetan ez badiegu laguntzen, ez baditugu prestatzen, ez badiegu entzuten, taldea ezin da ardaztu eta ezin izango du arrakastarik lortu.
-Gaur Emakumearen Nazioarteko Eguna da. Gizonezkoak nagusi diren eremu batean emakumea zarela esan liteke. Zer zailtasun izan dituzu emakume izate hutsagatik? Baztertuta sentitu zara edo zalantzan jarri zaituzte zure ibilbide profesionaleko uneren batean?
-Orain nahi dudana argi duen pertsona naiz, eta nahi nuena argi neukan ingeniaritza ikasten hasi nintzenean. Karrera horretan, eta hala izaten jarraitzen du, emakumeen interesa gizonena baino txikiagoa da, karrera teknologikoetan gertatzen den moduan. Nik zerbait nahi nuen eta lortzeko gai nintzena erdiesteko egin nuen lan. Ez naiz baztertuta sentitu; agian ibilbide profesionala eremu kooperatiboan hasteko zoriona izan dut. Horren esparruan, dagokion pertsonari aukera bat ematea oso garrantzitsua da, berdin da non jaio den, zein familiatik dator…
Pertsona guztiak aintzat hartzen dira, balioaren, konpromisoaren eta ahaleginaren arabera. Niri 27 urterekin Poloniara fabrikazio-ingeniari joatea eskaini zidatenean, ez dut uste inork pentsatuko zuenik emakume bat nintzela eta arazoak izango nituela. Ez dut inoiz oztoporik antzeman emakume izateagatik. Frantziako, Poloniako, Brasileko eta Txinako kulturak bizi izan ditut, eta ez zegoen ateak irekitzen ez zizkidan tokirik. Nahi izan dudana ikasi dut, ezkondu egin naiz, bi seme izan ditut, ama naiz eta inoiz ez dut bazter utzi zaidanik sentitu. Oso argi daukat lan egin behar dela, lan eta lan.
“Lehentasuna nire familia da”
-Aipatzen duzun egoera ohikoa izatea nahiko genuke, baina ez da hala. Senarra izateaz gain, oso pertsona eskuzabala da…
-Bi noranzkoko komunikazioa duen bikote bat gara, eta biek elkarri errespetatzen diogu eta familiarentzat onena dena erabaki egiten dugu. Horregatik, 2019an erabaki genuen senarrak atzerriratzearen eremua utzi eta bere ametsen alde borrokatzen hasteko unea zela, hegazkin-pilotu izateko unea zela, hain zuzen ere. Familiaren ikuspegitik ez zen ohikoa; askoz erosoagoa da norbait etxean egotea, eta mugarri hark urte erraza ez izatea eragin zuen, baina ez zen larria izan. Gauzei uko eginez, aurrera egitea lortu genuen.
Norabide bera duen taldea edukitzea da kontua. Garai hartan, senarrak amore eman zuen nire ibilbide profesionalaren alde. Emakumeak amore ematen duela entzutea da ohikoa; gure kasuan kontrakoa izan zen eta, horri esker, dagoeneko egin dudan guztia burutu ahal izan dut. Izan ere, niretzat lehentasuna nire familia da. Egia da senarra oso eskuzabala izan dela, eta horregatik iritsi gara iritsi garen tokira. Orain hegazkin-pilotua da, eta biok marinelak gara familia ahalik eta porturik onenerantz gidatzeari dagokionez. Hori esanda, emakumeak gizonak egiten duen gauza bera egiteko gai dela agerian jartzen duen edozein egintzaren aldekoa naiz, posible delako.
Astigarraga Kit Line enpresan bereizi gabe kontratatu egin dira gizonak eta emakumeak. Zein neurri hartzen dira genero-berdintasuna egiazkoa, eta ez ameskeria, izan dadin?
-Astigarraga Kit Line ez da ohiko enpresa bat. Hemen berdintasuna sustatzen dugu, ez dago bereizkeriarik, eta ez gara berez gizonetan eta emakumeetan ardazten. Astigarraga Kit Line enpresan guztientzako aukerak daude, eta erronkei aurre egin nahi dieten pertsonekin aritzen gara lanean, gizona edo emakumea den alde batera utzita. Lanpostu batzuekin etor zaitezke bat, eta arrazoi horregatik lanpostu horretan gizon edo emakume bat egongo da, baina emakumea izateak ez du lanpostu bat eskuratzen saihesten. Eta hori maila guztietan gertatzen da.
Adibidez, zuzendaritza-taldean parekotasun osoa dago: hiru emakume eta hiru gizon. Ez gara horren bila aritu; era naturalean gertatu da. Gauzak gertatzen dira; ez dugu behartzen baina ez dugu gelditzen. Berdintasuna bultzatu nahi dugu emakumearentzat zein gizonarentzat. Historian zehar emakumeentzat izan diren lanpostuei dagokienez, oztopoak hautsi ditugu eta gizonek betetzen dituzte oso administratiboak diren lanpostuak. Ez ditugu emakumeak behar, ez ditugu gizonak behar: eroso sentitzen diren pertsonak behar ditugu, begirunea erakusten dutenak eta elkarlanean aritzen direnak.