Astigarraga Kit Line-ren ecommerce-ko arduradunak, Djuniet Astigarragak, eCommerce eta Marketing Digitalari buruzko E-Show azokan parte hartu du, Bartzelonan. Europako merkataritza elektronikoko profesionalen topaguneak 9.000 bisitari, 140 erakusketari eta 160 hizlari baino gehiago bildu ditu. Prestashop-eko Speaker’s Corner eremuaren barruan, Djuniet Astigarragak, beste bi enpresarekin batera, mahai-inguru batean parte hartu du ecommerce-etan erabiltzen diren praktika eta ikuspegi hoberenei buruz hitz egiteko.
Djuniet Astigarragak enpresaren deskribapen labur bat egin du, eta Astigarraga Kit Line-ren lehen urratsak gogoratzen hasi da, orain 40 urte, pinu-zurezko astoak bakarrik egiten zituen lantegia zenean. Ildo horretatik, nabarmendu du gaur egun “egunean 15.000 astoen ekoizpena dagoela”, eta produktuen katalogo osoa berrikusi du. Halaber, ecommerce-aren arduradunak nabarmendu du Euskal Herriko tokiko zura enpresaren balio nagusi gisa erabiltzen dela, eta horrek aukera ematen du “fabrikazio-ziklo osoa kontrolatzeko, basotik azken produkturaino”; eta enpresak dituen bi ziurtagiriak nabarmendu ditu: PEFC eta Europar Batasuneko etiketa ekologikoa, Ecolabel.
Aurkezpena egin ondoren, Djuniet Atigarragak duela sei urte ecommerce-aren mundurako jauzia nola egin zen azaldu du. “Lurralde ezezaguna zen guretzat, ordura arte enpresan existitu ez zen saila, eta aberasgarria da hutsetik sortu izana. Etengabe aldatzen ari den mundu digital honetan, egunero da ikasteko eta hazteko aukera berria”, adierazi du.
Prestashop Village
Edukiak kudeatzeko Prestashop plataformak E-SHOW Barcelona-n parte hartu du bere gune propioarekin. Eta bertan egin du mahai-ingurua Astigarraga Kit Line-k, kosmetikoak eta xaboiak egiten dituen Gran Velada enpresarekin eta LED argiztapenetan adituak diren Salvi enpresarekin batera. Djuniet Astigarragak azaldu duenez, Prestashop-ek “B2C eta B2B salmentan laguntzen digu; plataformak herrialde bakoitzaren egoerara egokitzeko erraztasuna du, edozein garraio-agentziarekin integratzeko erraztasuna, eta onena da 4.000 modulu dituela hobekuntzak egiteko eta lana errazteko”.
Automatizazioak
Bezeroak fidelizatzeko, edukiak sortzeko edo B2C zein B2Brako trafikoa erakartzeko estrategiak eta jardunbideak entzun dira mahai gainean. “Ezinbestekoa da bezeroekin komunikazio erraza izatea, gure markan eta gure produktuetan arreta eta interesa izaten jarrai dezaten. Hainbat marketin-kanal erabiltzen ditugu haiekin harremanak izateko eta bezero berriak erakartzeko. Horietako bat mezu elektronikoak bidaltzea da. Newsletter-en bidez, eduki erabilgarria ematen zaie beren etxeak ordenatu eta apaindu ditzaten, eta eskaintzen, sustapenen (hala nola eskolarako itzulera edo Black Friday eguna) edo produktu berriak merkaturatzearen berri ematen zaie”, azaldu du Djuniet Astigarragak.
“Gainera, uste dugu newsletters-etan automatizazioak erabiltzea funtsezkoa dela marketin digitalaren munduan. Tresna horiei esker, mezu pertsonalizatuak eta egokiak bidal diezazkiekegu harpidedun bakoitzari, kanpainen garrantzia eta eraginkortasuna handituz”, gaineratu du.
Eduki originala eta inspiratzailea
Djuniet Astigarragak nabarmendu du, halaber, sare sozialen eta blogaren erabilera eraginkorra dela “eduki originala eta inspiratzailea sortu eta partekatzeko bide gisa, gure entzuleak atxikitzeko eta komunitate zabal batera iritsi ahal izateko”. Bloga, markaren kontrolpean dagoen eduki-plataforma bakarra, “estrategiarako ezinbesteko tresna da, Google bezalako bilatzaileetan web-kokapen ona lortzeko aukera ematen baitu, SEO-a ondo egiten bada”. “Bi esperientzia oso positibo ditugu ostalaritzaren munduan; Euskal Herrian oso ezagunak diren bi jatetxeri egin genizkien bi upategi: Carlos Arguiñanoren txakolindegia eta Pedro Subijanaren Oteiza jatetxeko upategia. Botilategiekin eduki esklusiboa sortu genuen, eta azken emaitza positiboa izan zen, Espainiako jatetxe askotara iritsi baikinen”, adierazi du adibide gisa.
“Organikoki haztea batzuetan zaila da. Horregatik, ordaindutako publizitatea marka edo produktu zehatzak sustatzeko beste marketin-kanaletako bat da. Eta sare sozialetan zein Google Ads-en bilaketa-motorrean egiten dugu. Markaren ikuspena handitu, publiko potentziala erakarri eta bihurketak areagotu nahi dira”, azaldu du.
Hurrengo hitzordua… Bilbon.