Koronabirusak mundua geldiarazi egin zuen eta bi urtez behin Kolonian, Alemanian, ospatu egiten den Eisenwarenmesse Burdineriako eta Brikolajeko Azoka itzuli da lau urte eta erdi geroago. Eta gure etxea izan da azken egunetan. Lankideak eta banatzaileak ezagutzeak eta haien aurrean egoteak, bideodei batetik haratago joateak gure marka guk sentitzen dugun bezala senti dezaten, indarberritu egiten gaitu. Naturaltasuna, hurbiltasuna eta aurrez aurreko elkarrizketa gustatzen zaizkigu eta. “Bost egun hauetan zehar abiadura onean lan egin dugu, eta gure astoen aukera osoa iparraldeko, hau da, Suediako, Norvegiako, Danimarkako eta Herbehereetako brikolaje-kateei aurkezteko helburua lortu dugu”, esan du Izaro Astigarragak, Astigarraga Kit Line enpresako Marketin eta Merkatu zuzendariak.
Matthias Becker Alemaniako azokaren zuzendariak adierazi du ‘Internationale Eisenwarenmesse’ “industriarako erronka handiaz betetako unean” iritsi dela, besteak beste energiako eta lehengaietako hornidura bermatu beharreko unean. Izan ere, koronabirusak eragindako pandemiak eta Ukrainako gerrak hainbat hornidura-kate moztu edo aldi baterako eten egin dituzte.
DIY Boulevard
Edizio honetan, 50 herrialdetako 1.400 erakusle inguruk sustapen berriak erakutsi dituzte Kolonian. Produktu-sorta handia izan da: tresnak, finkatzeko eta lotzeko sistemak, hornikuntza industrialak edo eraikinetarako eta brikolajerako osagarriak, besteak beste. Zehazki, ‘DIY Boulevard’ gunean 60 erakusle inguru egon gara.
Egurrezko astoen bilduma
Standaren protagonismoaren zati handi bat tokiko egur ekologikoko asto erabilgarriek osatutako bilduma osoak eraman du. Bilduma standaren aurrealdean egon da, baso baten aurrean, gure inguruko mendien eta zuhaitzen siluetak zituela. “Standa ondo kokatuta zegoen, pabiloiaren erdian eta erdiko korridore baten aurrean; handik, urrunetik, asto guztiak ikusten ziren. Egurrezko astoen gama osoa aurkeztu nahi izan dugu, Europako iparraldeko brikolaje-kateek ez dutelako halakorik”, azaldu du Marketin eta Merkatu zuzendariak. Astigarraga Kit Line enpresako produktu kutuna herrialde horiei aurkezteko aukera “oso egokia” izan dela esan du.
‘Long live the forests that give us life’ (‘Bizitza ematen diguten basoak luzaroan bizi daitezela’) leloak standera hurbildu diren bisitari guztiei ongietorria egin die. Aipatutako astoez gain, gure azken nobedadeetako batek ere ez du huts egin (Wally hormako apalategi modularra, imajinatzen duzun adina aukera dituen kremailera-sistema, alegia), ezta katalogoaren gainerako produktuek ere.
Oso azoka positiboa
“Azoka oso positiboa izan da jaso ditugun bisitaldiak kualitatiboak izan direlako, produktua benetan lantzen aritu diren pertsonak etorri direlako, hau da, erosketa-zentraletako korrespontsalak eta Europako hainbat kate”, adierazi du Izaro Astigarragak, eta bereziki nabarmendu du “helburu gisa ezarri genituen Europako iparraldeko (Alemaniako, Austriako, Herbehereetako, Belgikako, Danimarkako, Suediako edo Norvegiako) brikolaje-kateek Astigarraga Kit Line enpresa ezagutu” dutela. Jakina, Frantziako, Italiako, Espainiako eta Portugaleko bezero leialek ere ez dute huts egin gure standean. Haiek dira konpainiaren benetako birika.
“Kateek gure astoei buruz galdetzen zuten, eta ondoren azaltzen genien nor garen, gure fabrikazio integraleko prozesua jasangarria eta ingurumenarekin arduratsua dela, erabiltzen dugun egurra tokikoa dela eta PEFC bereizgarriarekin eta Europako Batasuneko Ecolabel etiketa ekologiko ofizialarekin ziurtatuta dagoela, eta abar… Guztiei asko gustatu zaie katalogoko sorta osoa, baina burdineriako eta brikolajeko azoka denez, produkturik deigarriena egurrezko astoa izan da. Apalategiak eta botilategiak bigarren eta hirugarren postuetan egongo lirateke, hurrenez hurren”, esan du Izaro Astigarragak. Gainera, zehaztu du Eisenwarenmesse azokako egurrezko produktuen erakusleak “oso gutxi” izan diren arren, kate handi guztiek haien sortan egurrezko produktuak izatearen alde daudela.
Orain, Astigarraga Kit Line bisitatu duten eta denbora eman eta interesa erakutsi duten bezeroen jarraipen eraginkorra egitea, bitartekoen beharrak aztertzea, produktu-gamako proposamenak prestatzea eta, batez ere, logistikaren garapena areagotzea falta da. Azken hori da Azpeitira itzuli ondoren egongo den zeregin nagusia.